Azken bi astetan, sekuentzia didaktiko bat egin dugu testu moten inguruan. Gure taldeak ipuinen inguruan egitea erabaki zuen. Aukeratutako xedea ikasleek ipuin bat sortzea da; herrian egingo den ipuin lehiaketa batera aurkezteko. Sekuentzia didaktikoaren xedea aurrera eramateko zenbait jarduera prestatu ditugu ikasleek egiteko. sekuentzia didaktiko honetan hainbat eduki lantzen dira hizkuntzaren inguruan, horrez gain, hizkuntzekin zerikusia duten hainbat helburu garatzen dira ikasleengan. Espero dugu, sekuentzia didaktiko honen bitartez, gure klaseko ikasleek parte hartze aproposa izatea ipuin lehiaketan, baina garrantzitsuena ipuin bat nola egiten den ikastea da. Hona hemen prestatu dugun sekuentzia:
- Zikloa eta maila:
3.zikloa 6.maila
- Xedea edo proiektua:
Ipuin bat egin herrian egingo den txapelketa batetara aurkezteko.
- Oinarrizko gaitasunak:
- Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna: Gaitasun honetan erreferentzia egiten zaio ahozko nahiz idatzizko hizkuntzaren erabilpenari, errealitatea adierazi, interpretatu eta ulertzeko, jakintza eraikitzeko eta komunikatzeko eta pentsamoldea, emozioak eta jarrerak antolatu eta auto-erregulatzeko egiten dena.
-Kultura humanistiko eta artistikorako gaitasuna: ikasleak gaitasun hau eskuratzean, kultura- eta arte-adierazpenak ezagutu, ulertu, balioetsi eta kritikoki ebaluatzeko gai izango da, eta gaitasun hori erabiliko du aberasteko eta gozatzeko iturri gisa, kultura herrien ondarearen zatitzat joko baitu.
-Ikasten ikasteko gaitasuna: ikasten ikasteak esan nahi du ikasten hasteko trebetasunak izatea eta geroz eta eraginkortasun eta autonomia gehiagorekin ikasten jarraitzeko gai izatea, norberaren helburuei eta beharrei jarraiki.
-Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna: Gaitasun honek, batetik, elkarren artean lotura duten balio eta jarrera pertsonalez jabetzeari eta horiek aplikatzeari heltzen dio; adibidez: erantzukizuna, pertseberantzia, norberak bere burua ezagutzea eta autoestimua, sormena, norberak bere buruari kritika egitea, emozioak kontrolatzea, aukeratzeko trebetasuna, arriskuak kalkulatzea eta arazoei aurre egitea, gogobetetasuna berehala asetzeko beharra luzatzeko aukera, akatsetatik ikastea eta arriskuak hartzeko gai izatea.
- Helburuak:
- Hizkuntza egokitasunez, koherentziaz eta zuzentasunez erabiltzea ahoz nahiz idatziz, komunikazio-premia guztiak behar bezala betetzeko eta testu egokiak sortzeko.
- Literatura-hizkuntzaren oinarrizko konbentzioak ezagutzen hastea, testuok ulertzeko eta literatura-xedeko testuak egiteko, adibidez, ipuina.
- Literaturaz gozatzea, genero askotako literatura-testuak irakurriz eta entzunez, bai euskal literaturakoak, bai inguruko literaturetakoak, bai literatura unibertsalekoak. Jarduera horiek gozamena eman behar diote ikasleari, eta baliatu egin behar ditu sentikortasun estetikoa handitzeko, hizkuntza aberasteko eta nortasun kulturala, soziala eta pertsonala eraikitzeko.
- Ipuinen egitura eta ezaugarriak ezagutzea.
- Ipuinek dituzten ezaugarriak kontuan hartura, ipuin bat asmatzea.
- Edukiak:
2.eduki-multzoa. Komunikazioa idatzia: irakurtzea eta idaztea.
- Ikastekoak diren eta esperientziarekin loturik dauden testu didaktikoen eta egunerokoen informazioa ulertzea: liburuxkak, ikasliburuak, deskribapenak, jarraibideak eta azalpenak.
- Irakurritakoa ulertzeko estrategiak erabiltzen hastea: ikasleak aurrez dakiena erabiltzea, antizipazioak egitea, testuarekin batera doazen irudiak interpretatzea, hipotesiak egitea eta edukia laburtzea eta asimilatzea.
- Ulermen-arazoak antzematea: ulertzen ez diren hitzak.
- Landutako testu-generoak ezagutzea.
- Ozen irakurtzea, ahoskera eta erritmo egokiz.
- Testuak sortzeko estrategiak eskuratzen hastea, lagunduta eta talde-lanean: komunikazio-jarduera testuinguruan jartzea, testuaren plangintza egitea, testuaren barruko kokapena zehaztea, testua berrikustea eta nork berea zuzentzea.
- Landutako testu moten egitura.
- Testu idatziak txukun aurkezteko ardura
- Testu idatziekiko interesa, ikasteko oinarri baitira eta esperientziak komunikatzeko bide.
- Idazketarekiko interesa izatea, harremanetarako eta ikasteko tresna den aldetik.
- Testuaren antolaketa: aurkezpena eta espazioaren banaketa.
3.eduki-multzoa. Literatura-hezkuntza
- Haurren interesekin bat datozen literatura-testuak gogotsu entzutea eta ulertzea.
- Ikasleen adinera egokiturik dauden literatura-testu ezagunen pasarteak eta egoerak antzeztea.
- Testu narratiboak eta poetikoak birsortzen eta idazten hastea, lagunduta.
- Literaturaren ahozko eta idatzizko generoak: narratiboa eta lirikoa.
- iteratura-testuak ongi pasatzeko bidetzat hartzea eta balioestea.
4.eduki-multzoa. Hizkuntzari buruzko hausnarketa.
- Gelan landutako testu-generoak ezagutzea, osagai paratestualak eta testualak erabiliz.
- Testuak eraldatzea —zabaltzea, ordezkatzea, tokiz aldatzea, ezabatzea, etab.- osorik edo zati batean.
- Hizkuntzaren oinarrizko termino batzuk ulertzea, testuen sortzearekin eta interpretatzearekin zerikusia dutenak.
- Letra larria eta xehea.
- Oinarrizko ortografia-arauak.
5.eduki-multzoa. Hizkuntzaren dimentsio soziala.
- Ikaslearen hizkuntza-errepertorioa ezagutzea.
- Euskarak gizartean dituen erabilpenak ikustea eta aitortzea.
- Euskara bigarren hizkuntzatzat duten ikasleek interesa izatea euskaraz komunikatzeko era aktiboan eta konplexurik gabe, bai eskolan, bai gizartean.
- Jarduerak:hasierakoa, garapenekoak eta azken xedea burutzekoa:
Hasierakoak:
• Ipuin bat sortu: ikasleei gaia planteatuko zaie eta hauek gai horri buruzko ipuin bat sortu beharko dute. Honek ikasleen gabeziak ikusteko balio izango digu, ondoren hauek indartzen saiatuko baikara.
• Ipuina irakurri, hiru zati nagusiak (sarrera, korapiloa eta amaiera) bereiztea, autoreak erabiltzen dituen bestelako errekurtso literarioak bereizi, lokailuak identifikatu, pertsonaien artean dauden desberdintasunak antzeman eta esan ea ipuin literarioa edo popularra den.
• Ipuinari buruzko galderak erantzutea: Ariketa honetan ipuin bat irakurriko dugu klase osoan, ozenki. Ondoren, irakurritako ipuinari buruzko galderak erantzungo ditugu.
Garapenezkoak:
• Bakoitzak bere ipuin gogokoena eramango du klasera eta ikasleek beraien ipuin hori analizatu beharko dute, hau da, pertsonaiak aztertu eta bereizi (nagusia eta bigarren mailakoak), ipuinaren egitura edota erabilitako errekurtso literarioak.
• Egitura (sarrera, korapiloa, amaiera) desordenatuta duen ipuin bat emango zaie ikasleei eta hau ordena egoki eta koherente batean jartzea eskatuko diegu.
• Sarrera eta korapiloaren hasierako zatia idatzita duen ipuin bat erabiliz, korapiloa jarraitu eta amaiera asmatzea eskatuko diegu ikasleei. Ondoren bakoitzak zer asmatu duen irakurriko du ozen.
• Betiko ipuin tradizional bat hartuta, horren antzezpena prestatuko dugu eta ikasle guztiek parte hartuko dute bertan.
Azken xedea burutzekoa:
• Aztertu eta ikasitako guztia kontutan hartuta, ikasle bakoitzak ipuin bat sortuko du eskolako ipuin lehiaketan parte hartzeko.
• Ikasleek egindako ipuinak trukatuko dituzte haien ikaskideekin eta zuzenduko dituzte.
- Ebaluazioa:
- Ea klaseko beste ikasleak gai diren idatzitakoa zehatz ulertzeko.
- Ea testu literarioen konbentzioak ulertzen dituzten, hauek ulertzeko eta ipuinak egiteko.
- Ea ipuin bateko ezaugarri orokorrak eta zehatzak bereizten dituzten.
- Ea ipuinaren egiturak eta ezaugarriak ezagutzen dituzten.
- Ea ipuinen ezaugarriak kontuan hartzen dituzten testua ekoizteko orduan.
- Ea ortografia zaintzen duten.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina